XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTEARTEA

Euskararen eutanasia

Erramun Osa euskaltzale jaunak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordearen aurrean egin duen agerraldi iskanbilatsuaren ostean, argi geratu da, hirutik bat euskara sustatzearen alde dagoen Euskal Autonomi Erkidego honetan badirela oraindik banaka bat zuk geure hizkuntza zahar berri honi eutanasia ematearen alde daudekeenak, Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko idazkariorde kudeatzaileak berrikitan salatu duenez.

Horietarik da Unidad Alavesa alderdiaren izenean Bizkaiko AEKren arduradunari direnak eta ez direnak egotzi zizkion Javier Moraza Marquinez legebiltzarkide jauna.

Baina zorionez Arabako gizartea ez da UAko herri ordezkari horiek nahi luketen bezain heldu gabe eta euskararen aurkakoa.

Eskolara joaten hasi diren hiru urteko haurren matrikulazio kopuruei so eginez gero, begien bistako gauza gertatzen da- Arabako gurasoek euskararen alde egin duten apostu zintzoa.

Izan ere, eskolan hasitako haur horietarik, lautik bat B eta D ereduetan matrikulatu baitira.

Hala eta guztiz ere, Jon Juaristiren adierazpen katramilatsuak, Javier Moraza jaunak Erramun Osa ezinago ere jaunari botatako gartzela-mehatxuak eta Antena-3tko eguerdiroko albistegietan euskalgintzaren mundua kriminalizatu nahian ageri ohi duen Kili-Kili haur-aldizkariaren moduko sasi-albiste iraingarri horiek guztiak medio, aisa asko erran-genezake, hamaikagarren aldiz, euskara eta euskaltasunaren aurkako ehizaldia zabal-zabalik dagoela.

Jon Juaristiren hitzei dagokienez, nik neuk ez dut uste inoiz ikusi izan baitut Bilboko Gran Vian semearekin euskaraz hitzegiten filologo eta pentsalari zorrotz hau geure hizkuntzari eutanasia emateko prest dagoenik.

Politikaz eta bereziko abertzaletasunaz erabili ohi dituen erizpideekin bat etorri ala ez, ezin ikatuzko egia da, hizkuntzaren ezagueratik erabilerara dagoen urrats tipi handi hori lehenbailehen egiten ez baldin badugu, geure euskara maite honen geroa ez dela gehienok nahi genukeen bezain ederra izango.

Pirinioz haraindiko euskal herrietan, esate baterako, hizkuntzaren bilakaera soziolinguistikoak alarma egoera larria sortarazi du hango euskaltzaleen artean.

Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren ondorioetan zehazten denez, erabilera sustatzeko neurriak premiaz hartzen ez badira, ezin izango da euskara bizirik iraunarazteko beharrezkoa den gutxieneko maila bermatu

Inoiz euskarari eutanasia emango balitzaio, euskaldun guztiok izango ginateke errudunak, ez Juaristi edo UAko erdaltzale horiek.